09/06/2026
Artxiboen Nazioarteko Eguna – ERESBIL
Ekainaren 9an Artxiboen Nazioarteko Eguna ospatzen da mundu osoan. Egun honek artxiboek memoria kolektiboa zaintzeko, ezagutza transmititzeko eta ondare dokumentala etorkizuneko belaunaldiei helarazteko duten eginkizuna aitortzen du.
ERESBILek ere ospakizun honekin bat egin nahi du, gure esku dagoen ondare musikalaren aberastasuna eta balioa gogoraraziz.
Gaur egun, ERESBILek 240 funts eta bilduma zaintzen ditu. Horiek Euskal Herriko musika-sorkuntzaren, interpretazioaren eta ikerketaren lekukotasun aparta dira. Funts pertsonalen artean, Jesús Guridi, José María Usandizaga, Nicanor Zabaleta eta José Antonio Arana Martija bezalako izen esanguratsuen ondareak gordetzen dira.
Horiez gain, abesbatzen, talde instrumentalen eta jaialdien dokumentazioa ere jasotzen da, baita irrati-fonoteka garrantzitsuak eta, azken urteotan, dantzaren munduari lotutako funts aipagarriak ere.
Guztira, ERESBILek ia 200.000 dokumentu biltzen ditu: liburuak, aldizkariak, partiturak, soinu-grabazioak, argazkiak, gutunak eta bestelako dokumentuak. Euskarri askotan iritsi zaizkigu, paperean nahiz formatu digitalean, eta guztiek gure musika-historiaren zati bat gordetzen dute.
Artxiboak ez dira iraganaren gordailu hutsak. Ezagutza sortzeko, ikertzeko eta gure kultura hobeto ulertzeko tresna biziak dira. Horregatik, ERESBILek bere funtsak herritarren, ikertzaileen eta musikazaleen eskura jartzen ditu.
Artxiboen Nazioarteko Egun honetan, gure musikaren memoria ezagutzera gonbidatu nahi zaituztegu. Horretarako, ERESBILen funtsen gida kontsultatu dezakezue, bertan katalogatutako ondare dokumentala aurkitu eta esploratzeko.
https://www.eresbil.eus/sites/fondos/eu/